MENUA 

1975 urtean hasita

Hasiera  › Ikastola  › Historia
 

Langaitz Ikastola 1975 urtean jaio zen orduko guraso talde baten ekimenez eta Aita Joakin apaizaren laguntzaz.

Hasieran, haurtzaindegi gela bat izan zena, euskaraz ez zekiten beraien seme-alabak euskalduntzeko eskola bihurtzea erabaki zuten bertako gurasoek. Horrela sortu zen Beraun ikastola.

Proiektu berriaren zehaztapenetan, zoritxarrez, ikuspegi ezberdinak azaleratu ziren laster eta horren ondorioz, 1978 urtean ikastola bitan banatu zen, Beraun ikastola alde batetik eta Oarso ikastola bestetik.

Bospasei ikasturtez, bakoitzak bere bideari ekin zion, alokatutako nahiz Udalaren hainbat lokaletan, nahiko egoera desegoki eta behin-behinekoan.

Azkenerako, Udalaren eta Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen laguntzaz, banatutako bi ikastolak elkartu egin ziren eta hórrela, bi lerroetako ikastetxea sortu zen, Jose Maria Usandizaga kaleko etxebizitzaren lehenengo bi solairutan kokaturik. Horrela, 1983an Beraun eta Oarso ikastolak elkarturik, Langaitz Ikastola izena hartu zuen proiektua jaio zen. Hartutako izenak, haurrak euskaraz hezi eta hazteak zuen zailtasuna erakusten zuen, are gehiago erabat erdalduna zen ingurunean. “Lan gaitz”, lan zaila baina ez ezinezkoa. Esaera zaharrari eutsiz: ezina ekinez egina.

Eta handik hiru urteetara, 85-86 ikasturtean hain zuzen ere, udalak utzitako orubean, Eusko Jaurlaritzak altxatutako eraikinera pasa zen, gaur egungo eraikin nagusira, alegia. Urteekin batera, Langaitz Ikastola hazi egin zen. Hasiera batean Beraungo auzoari zerbitzua emateko sortutako proiektua, Errenteria osora eta udalerritik kanpo hedatu zen. Ikasle gehitze horren ondorioz, gela eta zerbitzu gehiagoren beharra nabaritzen hasi zen.

1990-93 urte bitartean, Euskal Hezkuntza Sistemari buruzko eztabaida areagotu egin zen eta ikastolak sare publiko eta pribatuen artean erabaki beharrean aurkitu ziren. Dilema horretan, Langaitz Ikastolak, 1993ko maiatzaren 20an ospatutako Batzar Nagusian, herri-ikastola izateko erabakia hartu zuen.

Ondorioz, Hezkuntza Sailak Beraun eraikineko 13 ikasgela erabiltzeko baimena eman zion Langaitz ikastolari. Eta eskola-mapa finkatu ondoren, Langaitz DBH eskaintzeko aukera ere jaso zen eta hasierako proiektu hura 2-16 urte arteko proiektua bilakatu zen. Eskaintza honek sortzen zituen leku arazoei erantzuteko Hezkuntza Sailak Don Bosco eraikina erabiltzeko baimena luzatu zuen.

Geroztik, nabaria izan da Langaitz Ikastolaren hazkundea. Duela aspaldi hiru lerroetako ikastetxea bilakaturik, euskalduntze prozesuan aintzindari eta eredugarri bihurtu da hainbat eta hainbat ikastetxeentzat.

Beraun Berri ikastetxearen eraikina 20 urtez partekatu ondoren, Hezkuntza Sailak Beraun Berri Ikastetxea eta Langaitz Ikastolaren fusioa agindu zuen, eta ondorioz 2014ko uztailaren 1ean Bizarain Ikastola jaio zen.

Gaur egun, Bizarain Ikastolak 750 ikasleen hezkuntza-premiaz arduratzen da bi eraikinetan banatutako Haur eta Lehen Hezkuntzako eskaintza eginez. Bertan, ibilbide luzeko bi ikastetxeen esperientziaz gain hasi berria den proiektu baten ilusioak bat egiten dute.

Orain dela aspaldi-aspaldian, Beraunen alokatutako hainbat lokaletan hasiera izan zuen proiektu txiki-txiki hura...